Ikasi birziklatzen
Egunero, ehunka milioi tona objektu ezberdinek zaborrez betetzen dute mundu guztia. Hori dela eta, gero eta garrantzitsuagoa da haurrei birziklatzeko beharraren garrantzia erakustea.
Birziklatzeak zaborra sortzeari uztea esan nahi du, degradatzen urteak edo mendeak emango lituzketen gauzak berrerabiltzea. Ohitura aldaketa bat da funtsean, eta haurrei txikitatik erakutsi behar diegu horren garrantzia, haiek izango baitira biharko egunean ingurumena zaindu beharko dutenak.
Hondakinak birziklatzea guztion ardura da, gure planetarekiko ardura, baita gure seme- alabekikoa ere, haien bizi kalitatearen etorkizuna zaindu nahi badugu. Hiru urtetik aurrera, etxean hondakinak birziklatzen ikasten has daitezke haurrak. Lehenik eta behin, zaborra nola sailkatu eta mota bakoitza non bildu irakatsi behar diegu.
Hondakinak 5 multzotan bereiz daitezke: papera, beira, plastikoa, janari hondakinak eta multzo bereziak (olioa, jostailuak eta pilak).
Hasieran, ikaskuntzak praktikoa behar du izan, eta ereduaren bidez irakatsi behar diegu, ingurumenari begirako zaintza eta errespetua gure etxeetan landu beharreko jarrerak baitira.
Garrantzitsua da haurrak txiki-txikitatik heztea, etorkizunean haiek izango baitira gure planetaren arduradun nagusiak. Horretarako, ulertarazi behar zaie birziklatzearen helburua ingurumena suntsi dadin saihestea dela.
Haurrak birziklatzera animatuko dituzten jolasak, dinamikak eta bestelako jarduerak eginez eman daiteke azalpen hori.
Haurrei urratsez urrats azaldu behar diegu zergatik birziklatu behar dugun. Haurrek zerbait egitea nahi badugu, zergatiak azaldu behar dizkiegu. Ulertarazi behar diegu ingurumenaren suntsipena saihesteko birziklatzen dugula.
Izan gaitezen adibide
Lur planeta etxebizitza eta laguna dugu; txikiek hori uler dezaten lortu behar dugu. Landareekiko, animaliekiko eta, oro har, bizitzarekiko maitasuna sentitzen irakatsi behar diegu. Hori egiteko, naturarekin harremanetan jarri behar ditugu, eta gure etxetik kanpo mundu zoragarri bat dagoela erakutsi. Erakutsi behar diegu, halaber, planeta eraso larria pairatzen ari dela eta oso arriskutsua izango litzatekeela gauzak bere horretan uztea.
Txikiek gurasoen, irakasleen, lagunen eta, funtsean, ingurukoen ohiturak eta usadioak kopiatzen dituzte. Helduek ere bai, baina neurri txikiagoan. Haurrek ohitura horiek azkar bereganatzen dituztela aprobetxatu behar dugu, eta erakutsi planeta etengabe zaindu beharra dagoela, eta ez egun batzuetan edo egun jakinetan bakarrik. Egunerokoan birziklatutako materialak edo material biodegradagarriak erabiltzea, plastikozko poltsak erabiltzeari uztea eta poltsa ekologikoak erabiltzen hastea izan daiteke horretarako bidea.
Edukiontziak nola erabili
Birziklatzeko orduan, hondakinak hainbat multzotan bereizten dira: paperak, beirak, plastikoak, janari-hondarrak, olioak, jostailuak, pilak, etab.
Bost edukiontzi mota ditugu, hondakinak haien artean banatzeko:
papera eta kartoia biltzeko.
beirak eta kristalak biltzeko.
plastikozko ontziak, brikak, eta metal batzuk biltzeko.
janari-hondarrak (materia organikoa) eta bestelako hondar batzuk (landareak, kortxozko tapoiak, lurra, errautsak etab.) biltzeko.
olio-hondakinak, jostailuak, pilak biltzeko.