NOLA GERTATZEN DA KLIMA ALDAKETA?
Klima-aldaketa nola gertatzen den ulertzeko, hainbat kontzeptu azalduko ditugu lehendabizi:
BEROTEGI EFEKTUA
Berotegi-efektua fenomeno natural bat da, non Lur planetaren lurrazaleko bero-erradiazioa atmosferako gasek xurgatzen duten, eta berriz ere norabide guztietan igortzen.
Zehazki, lurrazalak xurgatzen duen eguzki-argia bero moduan itzultzen da atmosferara. Han, berotegi-efektuko gasek (BEG) bero horren zati bat atxikitzen dute; gainerakoak espaziora ihes egiten du. Eta, jakina, zenbat eta berotegi-gas gehiago izan, orduan eta bero gehiago atxikiko dute gas horiek.
Berotegi baten antzera funtzionatzen duelako, hau da, argiari pasatzen utziz eta beroari eutsiz, hartzen du izen hori fenomenoak. Berotegi-efektua da Lurrean bizitza posible egiten duena.
Informazio gehiago
Berotegi-efektuko gasak ―karbono dioxidoa (CO2), besteak beste― dira eraginkorrenak beroa xurgatzen. Hala ere, gas horiek gehiegi gehitzea kaltegarria da planetarentzat eta bertako bizitza osoarentzat.
Industria-iraultzatik hona gehien handitu diren emisioak CO2 gasarenak baitira, giza jardueretarako erregai fosilen errekuntzaren ondorioz gehienbat, berotze globala gertatu da: atmosferaren eta ozeanoen tenperatura igotzea.
Giza jarduerek eragindako karbono dioxido emisioen gorakada hori da, hain zuzen, klima-aldaketaren erantzule nagusietako bat.
Azpimarratzekoa da azken hogeita hamar urtean izan dela gorakadarik handiena. Berotze globala da klima-aldaketaren ondorio nabarmenetako bat da
BEROTZE GLOBALA
Giza jarduerak planeta osoan eragindako tenperatuaren etengabeko igoera da.
Hamarkada luzeak dira berotegi-efektuko gasak (CO2, metanoa, oxido nitrosoa, etab.) isurtzen ditugula; urteak eta urteak industriek, autoek, kamioiek, itsasontziek, berokuntza-sistemek ikatza, gasolioa eta gasa erretzen dutela. Berotegi-efektuko gas horiek beharrezkoak dira bizitzarako, eta historian zehar planeta arduratu da haiek modu autonomoan erregulatzeaz.
Berotze globala modu naturalean ere gerta daiteke, sumendi-erupzio handi baten ondorioz, adibidez. Hala ere, zientifikoki frogatuta dago gaur egungo beroketa gizakiak eragina dela.
Adituak bat datoz esatean Industria Iraultzak markatu zuela berotegi-efektuko gasen emisioak izugarri handitzen hasi ziren inflexio-puntua. Gogorarazi beharra dago Industria Iraultza handi hura beste iraultza txiki askotatik sortu zela ―nekazaritzaren, teknologiaren, demografiaren, garraiobideen, finantzen… iraultzetatik― eta ekoizpen- eta kontsumo-modu berriak ekarri zituela.
Informazio gehiago
Une hartatik aurrera, biztanleriaren hazkundeak (1750ean 800 milioi biztanle baino gutxiago zeuden Lurrean, gaur egun 7.500 milioi baino gehiago gara), baliabideen kontsumo gero eta neurrigabeagoak eta erregai fosilen bidezko energien eskaria eta ekoizpena handitzeak aro geologiko berri batean sarrarazi dute planeta, komunitate zientifikoaren zati batek ―gizakiak Lurrean eragindako inpaktua kontuan hartuta― Antropozeno deitu duen aroan, hain zuzen.
Horren ondorio nagusia Lurreko tenperatura globalaren gorakada izan da, garai hartatik hona 1,1 ºC-tan igo baita. Dena dela, mende amaierarako askoz gehiago igo daitekeela uste da, herrialdeek beren emisioak murrizteko ezarritako konpromisoak beteta ere.
Berotze globala ―hau da, giza jardueraren ondorioz atmosferara isuritako berotegi-efektuko gasek eragindako tenperatura-igoera― da klima-aldaketaren eragile nagusia.
Tenperatura-igoera horrek modu naturalean nekez gertatuko liratekeen aldaketak eragiten ari da kliman.
TENPERATUREN IGOERA
Lurraren berotze globalak tenperaturak igotzea ekarri du.
Lurra modu naturalean berotu eta hoztu izan da beste batzuetan ere. Baina ziklo horiek askoz motelagoak izan dira beti, milioika urtetan zehar luzatuak. Orain, berriz, giza jardueraren ondorioz, berrehun urte eskasetan ari gara iristen aspaldi handiko iraungipen masibo haiek eragin zituen baldintzetara.
Informazio gehiago
Eskualde bateko batez besteko tenperatura urte gutxiko epean 2 ºC-tan igotzeak ondoroio larriak ekar ditzake: izoztutako eremuak desizozten hastea, animalia-espezie batzuk egoera berrira egokitu ezin izatea eta desagertzea, lurrak basamortutzea edo eskualde bateko nekazaritzak produktiboa izateari uztea. Mende batean tenperatura globala bi gradu igotzeak ez du ematen hainbesterako izan behar duenik, baina ekosistemen oreka oso hauskorra da, eta aldaketak izugarriak izan daitezke: itsasora ur geza kopuru handitan iristea, landare-espezie batzuek hazteari uztea, planetako klima doitzen duten korronte ozeanikoetan aldaketak izatea, eta abar. Tenperaturak bi gradu gora edo behera egiteak dena alda dezake.
Tenperaturak igotzeak bestelako ondorioak ere ekar ditzake, hala nola muturreko fenomeno meteorologikoak (urakanak, lehorte luzeak, uholdeak), itsas maila igotzea edo Lurreko eremu jakin batzuetako patroi meteorologikoak aldatzea.
» Hala, giza jardueraren ondoriozko CO2 emisioek eta lur-eremu handietan gertatutako aldaketek (deforestazioak) berotegi-efektua eragin dute, eta horren ondorio den tenperatura-igoerak Lurraren berotze globala eta klima-aldaketa eragiten ditu. «