Ingurumen-kutsaduraren arriskuek gutxienez hiru milioi haur txikien (bost urtetik beherakoak) heriotza eragiten dute urtero, gehienbat arnasketa-gaixotasunen edo gaixotasun kardiobaskularren ondorioz. Tamalez, oinarrizko premiak bete gabe dituztela-eta kalteberatasun-egoeran dauden haurrei eragiten die gehienbat horrek.
Egunero, munduko 15 urtetik beherako haurren % 93k oso aire kutsatua arnasten du, arrisku larrian jarriz bere osasuna eta hazkuntza. Izan ere, kutsatutako aireak eragindako behe-arnasbideetako infekzio akutuen ondorioz hiltzen dira horietako asko eta asko.
Kutsatutako airearen eraginpean egotearen ondorioz, emakume haurdunak garaiz baino lehen erditu daitezke, eta jaioberriak txikiagoak izan daitezke, tamainaz eta pisuz. Gainera, kutsadura horrek haurren garapen neurologikoan eta gaitasun kognitiboan eragiten du, eta asma eta minbizia eragin diezaieke. Airearen kutsadura-maila altuen eraginpean egondako haurrek arrisku handiagoa dute, baita ere, bizitzaren ondorengo etapetan afekzio kronikoak izateko: gaixotasun kardiobaskularrak izateko, adibidez.
Haur guztiek aire garbia arnastu beharko lukete, behar bezala hazi eta garatzeko.
Haurrek helduek baino gehiago pairatzen dituzte airearen kutsaduraren ondorioak: izan ere, helduek baino azkarrago arnasten dute, eta hori dela-eta substantzia toxiko gehiago xurgatzen dituzte.
Gainera, gorputza eta garuna garatzen ari zaien bizitzako une horretan, lurzorutik gertuago bizi dira, gai kutsatzaile batzuen kontzentrazioa beste inon baino handiagoa den eremu batean.
Sukalderako, berokuntzarako edota argitarako erregaiak eta teknologia kutsatzaileak erabiltzen dituzten etxeetan ere gehiago eragiten die aire kutsatuak jaioberriei eta haur txikiei.