Gimnasio ekologiko batek, errendimendu osoa ari denean, 37.000 kilowatteko indarra sortzen du orduko, hau da, era horretako instalazio baten energia-beharrizanak asetzeko nahikoa.
Green Gym gimnasio-kontzeptu berritzailea da, erabiltzaileek beren kirol jardunean egiten duten indar fisikoa eta mekanikoa aprobetxatzen baitu energia elektriko % 100 garbia sortzeko. Giza aktibitatea elektrizitatea sortzeko erabiltzen duten instalazioen aurrekariak ere badira, baina bere bazkideen ahaleginari esker behar beste energia modu jasangarrian ekoizteko gai den gimnasio bat sortzeko ideia berritzailea da benetan.
Ideia irudimentsu horren sortzailea Adam Boesel da, ekologiaren eta ingurumenaren inguruan sentsibilizatutako entrenatzaile pertsonal bat, ariketa fisikoa egin bitartean kaloria-kontsumoari etekina ateratzen asmatu zuena. Boeselek 2010ean hasi zuen bere bidea: gimnasio-eredu jasangarri hori zerabiltzaten hiru zentro ireki zituen, Oregon estatuan (AEB). Geroztik, % 85eko energia-aurrezkia lortzen du urtero, gimnasio konbentzional baten kontsumoarekin alderatuta.
Horrek esan nahi du gimnasio horietan 37.000 kilowatt sortzen direla batez beste orduan, bertako bazkideek giharrak eta bihotza bizkortzeko egunero egiten dituzten ariketen bitartez. Gorputza landu bitartean kontzientzia ekologikoa sortzeko modu berritzaile horrek piztutako interesak beste latitude batzuetara zabalarazi zuen berehala Boeselen proiektua: hala, 2010eko urrian, Europako lehen Green Gym ireki zuten Berlingo hirian.
Nola funtzionatzen du gimnasio ekologikoak?
Funtsean, korrika egiteko zintak, spinning bizikletak eta bizikleta eliptikoak sorgailu zentral batera konektatzean datza, pedalei eragitean sortutako energia zinetikoa elektrizitate bihurtzeko. Energia hori guztia, ondoren, gimnasioko sare orokorrean txertatzen da, bertako makina eta tresna guztiak modu autonomoan elikatzeko, sare elektriko orokorraren mende egon beharrik izan gabe.
Beraz, gimnasio ekologiko horietako batera joanda, pisua galtzea lortzen ez baduzu ere, jakizu baliabide energetikoen erabilera iraunkorra sustatzen eta ingurumena hobetzen lagunduko duzula gutxienez.